Hotel Fointanebleau, Miami

"En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme", esan zuen andre ahots batek, eta Antonio nire lagunak, unibertsitateko irakaslea bera, eta Cervantesen obran aditua, zirkin bat egin zuen, eta besotik heldu zidan. Miamiko Fontainebleau hoteleko harrera gunean gertatu zen, biok ala biok ere munduko hispanisten batzar orokorrerako izena ematen ari ginela. Batzarra, urte hartan, On Kixoteri zuzendua zegoen.

  • Ezinezkoa duk hitz horiek beste iladatik etorri izatea - esan zidan Antoniok buruarekin ere ezetz eginez.

Onartzeko moduko hipotesia zen, zeren eta beste ilada hura, harrerako mostradorearen beste ertzean, Miss United States-erako hautagaiek osatzen baitzuten. Lehiaketa gure batzarraren egun berberetan ospatzekoa bide zen, asteburu hartan. Hala zioen behintzat koroak, izarrak eta barrak nahasten zituen txartel erraldoi batek. Mostradorearen atze aldeko ormaren erdia baino gehiago hartzen zuentxartelak.

  • ¿Where? -galdetu zuen hautagaien fitxa egiten ari zen enplegatuak.
  • En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme -erantzun zuen lehengo ahots berberak. Ez zegoen inolako zalantzarik. Liburuaren hasiera hilezina neska afroamerikar baten ezpainetatik zetorkigun. Lepoa inguratu eta bularrean behera erortzen zitzaion zintaren arabera, Miss Louisiana zen bera.
  • In un liugah da la Manchia da cuy nombra nou quierro acoudama -errepikatu zuen Antoniok Miss Louisianaren ebakitzeko modua imitatuz.
  • Claudine Jones, from New Orleans, Louisiana - adierazi zuen orduan neskaren ama behar zuen andreak. Ondoren, eraman zuen eskua bularrera, zanpatu zuen han amini bat, eta gaineratu zuen-: My name is Susan Baker. Bere alabarena baino ahots marrantatuagoa zuen, Nina Simonek zuenaren antzekoa. Zilar koloreko soineko batekin jantzita zihoan. - Beragatik bai esan litekeela: "Ilargia bera bezalakoa da, ederra eta iluna..." -xuxurlatu nion Antoniori.
  • Eguzki bat iruditzen zait niri. Eguzki beltza -erantzun zidan. Bera ordea alabari buruz ari zen.

Bazegoen gure iladan neskaren mugimenduak guk bezain arretatsu zaintzen zituen pertsona bat. Robert Collo zuen izena, eta oso egokia zen. Gure batzarren edertasun lehiaketa bat egon izan balitz, Mister Hispanista delako bat aukeratzeko edo, gure dazne guztiak hura aukeratu izango zuketen Apolotzat.

  • Miss Nebraska edo beste zeinnahi rubiari begiratzea besterik ez luke, baina ez. Nik begiratzen diodanari begiratu behar berak ere.

Sinuka ari zen Antonio, bat-batean urduri. Robert Collo Emori unibertsitateko Spanish & Portuguese departamendu-buru zen sasoi hartan, Antoniok berarentzat gura izandako postuan. Ez zen hori guztia. Antoniok artikulu akademiko bat argitaratzear zeukanean, Robert Collok etengabe hartzen zion aurrea tesi berbereko beste bat argitartuz. Bere komentarioak, bere sinuek, bere urduritasunakl, oinarri bat zuten.

  • Ez kezkatu -esan nion-. Berarentzat berdinak zarete biok. Ezezagunak.

Hala nahi izan halaberrak, eta hitz haiek, horrela esatearren, ustel jaio ziren. Izan ere, Miss Lousiana lekuz aldatuta zegoen ordurako, Emoryko irakasleen albora hain justu. Alaiki ari zen hizketan Robert Collo eta bere kideekin.

  • Nor ikasi ote du Claudinek? -esan zuen Antoniok Cervantesek begirazo bezala kalifikatu izango zuen begirada bat luzatuz.
  • In un liugah da la Manchia da cuy nombra nou quierro acoudama -erantzun nion ozenki bromari ezin eutsiz.

Susan Baker nire ondo ondoan zegoen, metro batera gutxi gora behera. Edo, hobeto esanda, nire ondotik pasa zen doi doi biliz eta nire esaldi burlatia hasieratik bukaerraino entzunez. Ilargiak bezala begiratu zidan, ilun eta serio, eta aurrera egin zuen, igogailuetara edo, bere alabaren atzetik. Gorritu egin nintzen lotsaz.

  • Nik uste 38 urteren bat izango dituela -esan nuen ahal bezala.

Antonio ez zen ezertaz ohartu. Erantzunik ere ez zidan eman. Bere pentsamendua aurreko mementuan kakotuta zegoen.

  • Nork erakutsi ote dio On Kixoteren hasiera hori? -esan zuen. Robert Collori begiratu zion zeharka.

Cervantesek dio zeloak arimaren jabe egiten direnean "ez direla gogoetekin baretzen", eta halako ondorioak dituztela non "gutxi batekin burua nahasten duten, eta gutxi baino gutxiagorekin bizitza bera galerazten". Gainera, zelo profesionalak gogoan hartu gabe dio hori, zeinak, zalantzarik gabe, zelo sentimentalak bezain tamalgarriak diren, edo are gehiago. Bada, hori: Antonio bere bizitzaren une larri batean zegoen, hala sentimentalki nola profesionalki. Gaiztotuta zebilen.

Batzarraren lehen txostena, "On Kixote Ramiro de Maezturen obran", interesgarria izan zen. Eduki ere eduki zuen txostenaren irakurketak halako TOP mementu bat, zeren adierazi baitzuen hizlariak, atsegin izatearren, Ramiro de Maezturen zeukan ohitura, hitzaldiaren bukaeran hitzaldiko paperak irenstekoa, eta entzule batek besoa altxa eta kasu hura "koprofagiatzat hartu behar al zen" galdetu baitzion. Barre egin nuen nik, barre egin zuen Robert Collok, barre egin zuten denek; ez hala Antoniok. Mutu zegoen bera, bere pentsamenduetan murgildurik, eta hala jarraitu zuen harik eta Claudinen gela 918ª zela esan zidan arte. "Eta Collorena -gaineratu zuen maltzurki- 902garrena".

  • Eta zer? -erantzun nion-. Iduri luke, hiri entzunda, beren gelak elkarren ondoan daudela, eta barneko ate batekin komunikatuta. Antonio, mesedez, solariru desberdinetan daude!
  • Hik ez dakik ezer bizitzaz! Denbora gehiegi ematen diok jazzari! Barre egin nuen ezinbestean. Gustatu egiten zitzaidan jazza, eta idatziak nituen hainbat artikulu musika mota hark espainiako literatura berrian izandako eraginaz, baina ni ez nintzen bera bezalakoa. Ni ez nintzen obsesiboa.

Orduerdiko tartea geneukan hurrengo txostenaren azalpena arte, eta hotel ingurutik ibili bat egitera atera nintzen. Halabeharrak, berriro ere, Miss Louisiana-rengana eraman ninduen. Piszinaren terrazan zegoen, harrera gunekoa bezalako koroa, izar eta barraz osatutako txaltel erraldoaiaren aurrean jarrita, hoteleko zenbait zerbitzarirekin argazkiak ateratzen. Neska hark Robert Collo eta bere kideekin izandako solasaldia ekarri zidan eskenak gogora.

  • Oso gisakoa da, ezta? -galdetu nion zerbitzari bati. Berak baiezkoa egin zidan kemenez. Zalantzarik gabe, halakoxea zen. Gisdakoa, atsegina, hiztuna.

Bigarren txostena esperimentu bati buruzkoa izan zen. Illinois Unibertsitateko zibernetika talde batek, hispanista beste talde batekin batera, ahalegin berezi bat egina zuten On Kixoteren benetako ahotsa lortu alde, 30 aldagai gogoan hartuz.

Iritsi zen TOP mementua, egin zuten KLIK ordenagailuan, eta segidan ahots hautsi, zarpail, baxu, XVI edo XVIIgarren mendeko Louis Amstrong batena zirudienak, areto osoan zabaldu zen, esanez: "Si yo, por malos de mis pecados, o por mi buena suerte, me encuentro por ahí con algún gigante...

  • Nazkagarri hori! -egin zuen Antoniok hasperen.
  • Mesedez -esan nion-. Pentsatu gauza garrantzitsuagotan. Batzarreko hizlari ofizialetakoa zara, eta zure txostena irakurri behar duzu bihar.
  • Robert Colloren ondoren! -hots egin zuen barre sardonikoaz.

Ahots hautsi, zarpail, baxu, XVI edo XVIIgarren mendeko Louis Amstrong batena zirudienak, ozenago hitz egiteari ekin zion: "¡Non fuyáis, gente cobarde; gente cautiva, atended...". Txaloak erne ziren aretoan.

Ez nuen bazkalordua On Kixoteren ahots kontuez edota, are gutxiago, Robert Colloren gaiztakeriaz mintzatzen pasa nahi, eta gelara igo eta sandwich bat jatea erabaki nuen. Halabeharrak ixten ari zen igogailu baten barruan sartu ninduen.

  • In un liugah da la Manchia da cuy nombra nou quierro acoudama^* - esan zuen ilargi-ahots batek giro-musikaren gainetik.

Susan Baker neukan aurrean. Bere bisaia ez zen serioa. Ez zegoen kopetilun. Aitzitik, Miss Louisiana bere alabaren alaitasun berberarekin ari zen barreka.

  • Pianoa jotzen ari dena Nat King Cole da - esan nion igogailuko musika aintzat hartuz. Bedrriro ere aurpegi gorrituta nengoen.

Solairuz solairu, igogailuko botoiak argitu eta itzali egin ziren. Hitz egin nahi izan nuen 4garrenean,, baina ez nuen lortu. Ahalegindu nintzen berriro 7garrenean, eta berdin. Azkenez, 9garrenean, kika hartatik atera nintzen.

  • Nork erakutsi zizen On Kixoteren hasiera hori? Hobeto esanda, nork erakutsi zion zure alabari?
  • ¡Oh, my God! -hots egin zuen berak ezpainak borobilduz. Irribarre egin zidan; ergelei egiten zaien bezala, egin ere. Ez zen andrre bat. Ilargia zen. Giza abereok pena pittin bat ematen genion. - Come on! -esan zuen ilargiak, Susan bakerrek, igogailuaren botoi bat sakatuz. Jaisten hasi ginen. Nat King Colek jotzen zuen pianoa; Buddy Richek bateria; Lester Young-ek saxofoia. Abestiaren izena: Sweet Lorraine.

Beheko solairura iristean, adreak eskua eman zidan. Ume bati bezala, eman ere.

  • Look! -esan zidan koroa, izar eta barrak nahstuz osatutako txartel erraldoiaren parera iristean. Bera zain geratu zen eta -ilargiaren ahalak- burua apur bat jiratzera behartu ninduen. Beste txartel bat zegoen gune hartan. Ez bestea bezain erraldoia, baina bera ere handia. On Kixoteren silueta ageri zen bertan, eta haren aho parean esaldi bat hizki larriez idatzita: "En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme". Zalantzarik gabe, hantxe irakurri zuen Miss Loiuisianak lehen egunean. Desegina zegoen misterioa.

-¿Happy? - galdetu zidan Susan Bakerrek.

Harro nago oraindik orduan izandako erreakzioaz. Keinu bat egin nuen, "erdizka" erantzunez. Berak segituan ulertu zuen, eta bere ezpainak sentitu nituen maisailean. Igogailuaren bidean ezkutatu zen gero.

Halabeharrak ez zuen beste lanik hartu ondorenean, eta orduek bere eguneroko gurpiletan egin zuten aurrera. Ez nuen Susan Baker ostera ikusi. Eta bere alaba ere ez.

Bernardo Atxaga